XXI. mendeko sozialismo

XXI. mendeko sozialismoa nazioartean 1996tik aurrera erabiltzen hasi zen kontzeptua da. Heinz Dieterich Steffan da nozio horrekin lotutako teorialari ezagunena[1]. Kontzeptua mundu osoan egin zen ezagun Hugo Chávez Venezuelako presidenteak hitzaldi batean aipatu zuenetik, 2005eko urtarrilaren 30ean, V. Munduko Foro Sozialean. Kuba, Venezuela, Nikaragua eta Boliviako aginte-eran eragina izan duen kontzeptua da.

Sozialismo iraultzailea da XXI. mendeko sozialismoaren Estatu sozialista eredua eta haren iturriak filosofia eta ekonomia marxistan daude. Lau ardatzetan oinarritzen da: lurraldeen garapen demokratikoa, ekibalentzien ekonomia, demokrazia parte-hartzailea eta oinarrietatik antolatzen diren erakundeak. Dieterich-ek, XXI. mendeko sozialismoa liburuan, Karl Marx hartzen du abiapuntu dinamika soziala eta klase borroka aipatuz. Era berean, teoria marxista berrikusten du gaur egungo mundura egokitzeko asmoz, jakintzaren esparruan egin diren aurrerakuntzak erantsiz, baita sozialismoa ezartzeko izandako saiakerak, mugak eta proposamen konkretuak ere, besteak beste ekonomia politikoaren alorrean edo herritarren parte hartzean, zeina funtsezkotzat jotzen duen esplotaziorik gabeko gizarte bat sortzeko. Laburbilduz, XXI. mendeko sozialismoak aurreikusten du beharrezkoa dela estatuaren boterearen berrindartze erradikal bat, botere hori gizarteak demokratikoki kontrolatuta, gizarteak garapenean aurrera egin dezan.

Bolibartar Iraultzaren testuinguruan, 2006ko erdialdean egindako hitzaldi batean, Chávezek nabarmendu zuen sozialismo horretara iristeko trantsizio fase bat izango dela, Demokrazia iraultzaile izenekoa. Hugo Chávezek azaldu zuenez, "konpromisoa hartu dugu Bolibartar Iraultza sozialismorantz bideratzeko eta laguntzeko sozialismoaren bideari, XXI. mendeko sozialismo bat, elkartasunean oinarritzen dena, anaitasunean, maitasunean, askatasunean eta berdintasunean". Gainera, sozialismo hori ez dago aurrez definitua. Chávezek esan zuenez, "kapitalaren forma eraldatu behar dugu eta sozialismo berri baterantz jo, egunero eraiki behar dena".

  1. «KAOSENLARED.NET -- Entrevista a Heinz Dieterich» web.archive.org 2011-05-20 (Noiz kontsultatua: 2019-05-30).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search